You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK

Ba al zenekien...?

Didaktika proiektuaren barruan, eremu didaktikoak eta jarduera bereziak daude; erakusketen osagarri dira, eta bertako obrak ikusten eta ulertzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzen dituzte.

Foto Frank Gehry

Argazkia: Erika Ede

Frank Gehry

Frank O. Gehry-k (1929) CATIA softwarea erabili zuen Guggenheim Bilbao Museo osoa sortzeko; tresna horrek industria aeroespazialean zuen jatorria, eta ez zegoen hura aurretik erabili zuen arkitektorik.

Bestalde, titaniozko estaldura eraikuntza-teknika ezohikoa izan zen 1990eko hamarkadaren erdialdean, Gehryk erabili baitzuen lehen aldiz eraikin honetan: material horretako 33.000 plaka inguruk estaltzen dute Museoa.

Eraikinez gain, Gehryk objektuak diseinatzen ditu: tartean, hockeyko mundu ligako trofeoa, altzariak —kartoi korrugatuz egindako aulkiak, esaterako—, edo Lady Gagarentzat sortutako kapela bat. Zer objektu diseinatu nahiko zenuke zuk? Zergatik?

Foto Nina Canell

Argazkia: Sibilla Calzolari

Nina Canell

Nina Canell-ek (1979) harremanetan jartzen ditu objektu materialak eta indar materiagabeak —esaterako, argia, grabitatea edo atmosfera—, halako moduz, ezen hasierako objektuan eraldaketa bat gertatzen baita. Alde guztien artean sortzen den elkar-eragina da gakoa; horren adibide da, esaterako, artistaren Azal galduak (Shedding Sheaths) saila.

Haren lanetan, balio ekonomiko eskaseko elementuak edo hondakinak aurki daitezke, hala nola, kable elektrikoak, fluoreszenteak, iltzeak, txikleak, sokak, zurak edo itsaso eta hondartzetan topatutako zuntz optikoa.

Robin Watkins (1980) artistarekin batera aritzen da elkarlanean Canell batzuetan. Bi artistentzat, filmak eta musika, fenomeno bisual eta akustikoak izateaz gain, fenomeno fisiko eta elektromagnetikoak dira: iruditeria katalizatzeko gai diren eragile eraldatzaileak. 

Foto Frida Escobedo

Argazkia: ®Ana Hop

Frida Escobedo

Frida Escobedo (1979) arkitektoak artisau-lanak eta teknologia bateratzen ditu, material tradizionalak modu berritzailean erabiliz.

Urtero, Londresko Serpentine Gallery-k arkitekto nabarmen bat hautatzen du bere aldi baterako pabilioirako proiektu bat diseina dezan. Escobedo izan da 2018ko arkitekto hautatua, material nagusitzat hormigoizko teila duen proiektu batekin.

Honela deskribatzen du Escobedok bere ametsetako etxea: “Konbinazio kontraesankor moduan imajinatzen dut, maite baitut hirian bizitzea; baina aldi berean asko gozatzen dut nire landareak zaintzea eta gune berde bat niretzat izatea, hori txikia izanagatik ere”.

Foto Mikel Eskauriaza

Mikel Eskauriaza

Mikel Eskauriaza (1969) argazkilaria Bilbok eta haren inguruak azken hamarkadetan bizitako eraldaketaren zale amorratua da.

Artxiboa eta memoria, arkitektura, tokiko historia eta (gehienbat hiriko) paisaiaren psikologia: funtsezko gaiak dira horiek bere lanetan. 2002an nazioarteko lehiaketa irabazi zuen Cities proiekturako; egitasmo horrek EAEko hiru hiriburuen memoria fotografikoa aberastea zuen asmoa.

Bere azken proiektua, Baporak. Euskal ontzidia Indiako ozeanoan izenekoa, 2013–17 urteen artean atunen arrantzan ziharduten barkuetan hartutako irudi- eta grabazio-bilduma bat da. Material hori argazki-sail eta argitalpen moduan plazaratu zen.

Foto Didier Faustino

Didier Faustino

Didier Faustinok (1968) gorputzaren eta espazioaren arteko harremana aztertzen du. Arkitektura lantzeaz gain, bere praktika esperimentalak instalazioa eta altzarien diseinua ere barne hartzen ditu.

Faustinok bere arkitektura estudio propioa du Parisen: Bureau des Mésarchitectures (edo Arkitekturatxarren Bulegoa). Umorea eta kritika ere bere lan-filosofiaren parte dira.

Bere obra eskulturatik eta instalaziotik gertu dago, eta arte garaikideko galeria garrantzitsuetan du presentzia: Michel Rein, Paris/Brusela; Galeria Filomena Soares, Lisboa; Parque Galería, Mexiko Hiria.

Faustinorentzat oso garrantzitsua da hezkuntza. Hain zuzen ere irakasle lanetan aritu da Diploma 2 programan, Londresko Architectural Association-en; Europako arkitektura-eskola nabarmen eta entzutetsuenetako bat da hori.

Foto Oliver Laric

Oliver Laric

Oliver Laric-ek (1981) animazioa eta 3D teknologia erabiltzen ditu, artearen historiako obra klasikoak berrinterpretatzen dituzten bideo eta eskulturak sortzeko.

Jabetzaren eta orijinaltasunaren inguruko eztabaida zabalik geratzen da Laricen obra probokatzaileen aurrean, ironiaz eta umorez beterik baitaude.

Bideoartearen sortzaile ezaguna ere bada Laric; bere Versions (2012) obra biral bilakatu zen, Disney etxearen filmetako irudi alteratuak agertzen zituelako, haurrentzako beste marrazki bizidun batzuekin batera.

2018ko azaroan, Los Angeleseko Eyeworks Festival of Experimental Animation jaialdian parte hartu du, hau da, animazioan dauden azken joerei eskainitako festibal nagusietako batean.

FOTO lynn-hershman-leeson
Argazkia: Lisa K. Blatt                            

Lynn Hershman Leeson

Lynn Hershmann Leeson (1941) itzal handiko sortzailea da gaur egungo ikus-entzunezkoen arloan, eta lehen artista izan zen bideodiskoak (DVDaren aitzindaria) edo ukimen-pantailak artelan batean erabiltzen. 

Gizartearen eta teknologiaren arteko harremanean jartzen du arreta artistaren praktikak, baita identitatean eta baliabide digitalen erabileran ere. Arte tradizionala beste errealitate batzuetara hedatzea da bere asmoa; hala nola, robotikara.

Ziberfeminismoaren ordezkari honek egindako dokumental eta film ugari dira nabarmentzekoak; esaterako, sarituak izan diren Teknolust (2002) eta !Women Art Revolution (2012) lanak. Leesonen artelanik berriena Basileako HeK-en (Haus der elektronischer Künste) dago ikusgai.

Foto Leong-Leong

Leong Leong

Christopher eta Dominic Leong anaiek New Yorken dute egoitza, eta hainbat diziplina jorratzen dituzte, betiere gizarte-, kultura- eta lan-elkarrekintza hobetuko duten espazio eta objektuak sortzeko helburuarekin.

Egindako erakusketa-proiekturik garrantzitsuenen artean, Veneziako 14. Arkitektura Bienaleko (2014) AEBren OfficeUS Pabilioirako aurkeztu zuten lan-espazioaren diseinua dago.

Gaur egun, Leong anaiek eskala handiko eraikinak —Los Angeleseko LGTB Zentroa, esaterako— proiektatzen dituzte, baita Los Angeles edo Seulgo modako boutiquetarako altzari eta objektu txikiak ere. Pentsa ezazu zure hiriko espazio publikoaren inguruan, nola hobetuko zenuke haren funtzionaltasuna?

Foto Maio

MAIO Architects

María Charneco, Alfredo Lérida, Guillermo López eta Anna Puigjaner-ek zabaldu zuten Bartzelonan MAIO. Enpresak modu ez hierarkikoan bultzatzen du lana, eta bulegoko kideek beren teoria propioak garatzeko aukera dute: gero, horiek azaltzen dituzte, artista grafikoen, paisajista edo barrualdeen diseinatzaileen laguntzaz. 

Altzari eta erakusketen diseinuagatik ere ezaguna da MAIO, baita editore lanetan jarduteagatik ere, Cuadernos de arquitectura y urbanismo bezalako argitalpenetan kolaboratzen duenez gero.

Irakaskuntzan eta ikerkuntzan ere aritzen da bulegoa. Bertako kideek hitzaldiak eman dituzte New Yorkeko Metropolitan museoan edo Yale eta Harvard bezalako unibertsitateetan, eta irakasle gisa jarduten dute Bartzelonako Arkitektura Eskolan eta Columbiako Unibertsitatean. Haien lanak Londresko Royal Academyn edo Chicagoko Arkitektura Bienalean egon dira ikusgai.

Foto Mos

MOS Architects

Michael Meredith eta Hilary Samplek 2003an fundatua, egoitza New Yorken duen MOS firma berrikuntzaren abangoardian dago, bai haren proiektuengatik, bai diziplina anitzeko lan-taldeen kudeaketagatik ere, zeinak esperimentaziora bideratuta baitauden.

“Etxe flotatzailea” da haien lan aintzatetsienetako bat; 2005ean gauzatu zen Kanadako Huron lakuan, eta arkitektura jasangarriko prototipo bat da, eraikin bati flotatzeko gaitasuna esleitzen diona, haren oinarriari pontoiak gehituta.

Egin dituzten esperimentuen artean, software informatiko berriak garatzeko programatzaileen laguntzaz egindako frogak daude; besteak beste, FORTRESS (Software nº 1), NET (Software nº 7) edo CRUMPLE (Software nº 9) bezalako proiektuetan.

MOSeko kideak irakasle lanetan aritzen dira Princeton eta Columbiako unibertsitateetako arkitektura eskoletan. Haien lanak Log edo El Croquis bezalako aldizkarietan argitaratu dira. Haien lehenengo liburuak Everything All at Once (2013) izenburua zuen. Zergatik uste duzu ipini ziotela izen hori?

Foto Nemesis

Nemesis

Aholkularitza eta think tank bat da Nemesis, Emily Segal-ek (1988) eta Martti Kalliala-k (1980) sortua. Haien ekoizpenak Berlin, Helsinki eta New York dute sorburu. Ikerketa propioak sortzen ditu diziplina anitz bateratuz, hainbat gairen inguruan: moda, hirigintza, teknologia, diseinua eta hizkuntza.

Emily Segal izan zen K-HOLE kolektiboaren fundatzaileetako bat 2010ean, zeina Vogue argitalpenaren arabera “pop kulturako joeren analistarik gogokoena” zen. 2014an, kolektibo horrek normcore neologismo edo termino berria zabaldu zuen, modaren munduan zirrara eragin zuena. Janzkera-estilo oinarrizkoa da normcore delakoa. Baina, nork erabakitzen du zer dagoen modan eta zer ez? Zein da azken joera eta zer ez?

Arkitektoa izateaz gain, musikaria ere bada Martti Kalliala, eta ibilbide luzea egin du musika elektronikoan, hainbat goitizen baliatuta. Amnesia Scanner bikote arrakastatsuko kide da.

Foto Jenna Sutela

Argazkia: Till Janz

Jenna Sutela

Sutela-ren artelanek protagonista dituzte hitzak, ordenagailu bidez sortutako soinuzko edo ikusizko estimuluak, eta organismo biziak.

1983an jaiotako artista honi teknologia berriekin eta adimen artifizialarekin esperimentatzea interesatzen zaio. Google Arts-eko ingeniari Damien Henry-rekin eta Memo Akten artistarekin elkarlanean, Somerset House Studios + Google Arts & Culture, n-Dimensions egonaldian parte hartu du, Londresen. Proiektu hori izan da erakusketan ikus dezakezun piezaren sorburua.  

2018ko maiatzean, CLICK-Kopenhageko Arte Garaikide, Zientzia eta Teknologien Jaialdian aurkeztu zuen bere Extremophile performancea; lan horrek planeten artean bizitza transmititzeko aukera planteatzen du, jaki hartzitu batean dagoen bakteria bati esker.

Iaz Orgs: From Slime Mold to Silicon Valley and Beyond (2017) argitaratu zuen; laborategiko organismo bat du ardatz lan horrek: Physarum polycephalum edo lohian dagoen lizuna, onddo hedakor zelulabakarra.

Deskargatu erakusketaren app

Jarduerak

Foto mesa redonda

Mahai-ingurua Artistak, arkitektoak eta Bilbo efektua

Azaroak 30, 18:30

Hainbat artista eta arkitekto, Architecture Effects erakusketaren komisarioekin bat eginda, “Bilbo efektua” delakoari eta gaur egun sorkuntzarako dauden espazioei buruz arituko dira. 

Lekua: Museoko Entzungela

Informazio gehiago

Foto reflexiones compartidas

Partekatutako hausnarketak

Arte-arduraren ikuspegia 
Abenduak 12, asteazkena - Manuel Cirauqui, erakusketaren komisarioa 

Kontzeptu nagusiak 
Abenduak 19, asteazkena - Luz Maguregui, Hezkuntzako koordinatzailea 

Babeslea: Fundación Vizcaína Aguirre

Informazio gehiago

Foto dance creative

Puzzling dantza. Prozesu eszenikoak

Abenduak 15, larunbata, eta abenduak 16, igandea 

Puzzling dantza-piezaren erabateko estreinaldia, Blanca Arrietak, Mai Ishiwatak eta Robert Jacksonek sortua eta interpretatua, Architecture Effects erakusketa dela-eta. Proiektu honen harri angeluarra giza gorputzak Museoko espazio bereziekin egiten duen interakzioaren esperimentaziotik eta efektuetatik sortutako sormen-prozesua da. 

Lekua eta ordua: Museoaren Atrioa

Informazio gehiago

Foto Creative Sessions

Sormen-saioa [+18] Argi-efektuak tailerra

Otsailak 2 eta 9, larunbatak, 18:00

Bilboko Miren Arenzana artistak bi saioko tailerra eskainiko du argiak eta koloreak sortzen dituzten efektuen inguruan, bereziki espazio ezberdinekin nahiz eskulturako pieza batzuekin elkarreragitean. Parte-hartzaileek beren argi-instalazioa sortzen esperimentatzeko aukera izango dute, Architecture Effects erakusketa dela-eta antolatutako jardunaldi hauetan.

Lekua eta ordua: hezkuntza-espazioa

Informazio gehiago

Baliabideak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Museoko sarrerarekin batera entzuteko gida eskainiko dizute. Horren bidez erakusketa bakoitzeko artelanei buruzko informazio zabalagoa izango duzu.

Informazio-gunean eskatu entzumen, ikusmen edo/eta adimen urritasunak dituzten pertsonentzako audio/bideo gidak.

Entzuteko guida guztiak aditu

visitas-expres

Bisitaldi laburrak

Bisitaldi labur hauetan arte edukiak azaltzen dira, modu zehatz eta dinamikoan. Galdetu gaiei, hizkuntzei eta topaguneei buruz Informazio-mahaian.

Prezioa: doako jarduera Museorako sarrera erosiz gero. 20 pertsona gehienez; gutxienez 5 (helduera ordenaren arabera)

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean